Bilbo flamenkoari kantari

Hasi da maiatza. Buleria eta solea garaia. Hasi da arrakasta handiko BBK Flamenko zikloa.

Bost hitzordu ezberdin izango dira, guztiak Fernando Terremoto kantariaren oroitzapenari eskainitakoak. Goi mailako omenaldia, Flamenkoa ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko. Oholtza gainean egungo kantearen, tokearen eta dantza flamenkoaren ordezkari ezagunenak, generoko kazetari eta ikertzaileek egingo dituzten aurkezpenak aberasteko.

Maiatzaren 4an, asteazkena: José María Velázquez-Gaztelu idazleak Antonio Fernández Díaz “Fosforito” maisuaren aurkezpena gidatuko du. Elkarrizketa eta musika emanaldi bakar batean uztartuta. Aukera bakarra flamenkoaren mitoa bertatik bertara ikusteko. Mundu mailan ospe handiena duten sariak jaso dituen mitoa da, hogeita hamar disko baino gehiago plazaratu dituena.

Maiatzaren 18an, asteazkena, Tere Peña kazetariak “Kanteko Sendien” ikuspegitik arte flamenkoa nola ikusten den azalduko du. Etxe flamenkoak deiturikoetan heldutasunera iritsi zen kantea, eta etxe bakoitzak bere nortasuna eman zion. Kontserbatorio modukoak ziren, hauetan gazteenek melodien eta erritmoen oinarriak ikasten zituzten, sendiko giroan. Musika flamenkoaren historia sakonetik datoz “los Peña Lebrija”. Esanikoaren erakusle nagusienetakoa. Pedro Peña gitarra jotzaile eta kantaorea, Inés Bacán kantaorea eta Concha Vargas dantzan. Hirurak buru direla, taula gainean jarriko dute “lehengusuak eta anaiak” ikuskizuna.

Eta ekainaren 1ean, asteazkena, dantzarekin urteroko hitzordua duzu. Dantza flamenkoak mundu erdia nola zoratu duen jakin ahal izango duzu. Hauek eta bestelako azalpenak emango ditu Juan Pinilla kantaore eta kazetari granadarrak, Manuel Liñan erkidea lagun duela.

Ekainaren 15ean, asteazkena, bere jaiotzaren mendeurrena eta “Cien Años de Tío Gregorio El Borrico” diskoaren argitalpena ospatzeko, egileek – José María Castaño eta Alfredo Benítezek, Luís El Zambo eta Manuel Carpio “Juanillorro” kantaoreen laguntzarekin-, irratsaioa balitz bezala errepasatuko dute Jerezko kantari ospetsuaren ibilbidea.

Eta amaitzeko, ekainaren 29an, Fernando Terremotori aipatutako omenaldi handia egingo diote bere lankide, lagun eta familiartekoek. Hauen artean izango dira flamenkoaren zerrendetan punta-puntakoak diren artistak, hala nola  Israel Galván, Alfredo Lagos edo Miguel Poveda. Guztiek 40 urterekin zendu zen kantaorea omenduko dute, ziklo honekin hasiera-hasieratik harreman handia izan baitzuen.

 

Hitzordu guztiak BBK ARETOAN izango dira (Kale Nagusia 19), eta 20:00etan hasiko dira. Sarrerak Aretoko txartel-leihatilan, BBKren orotarako kutxazainetan, www.salabbk.es webgunean edo 944 310 310 telefono-zenbakian eskuratu daitezke. Lehenengo lau saioetarako, sarrerek 6 euroko prezioa izango dute, eta BBK txartelek %50eko deskontua izango dute (2 sarrera, txartel bakoitzeko). “Omenaldia Fernando Terremotori” saioak 12 euroko sarrera bakarra izango du; bildutako diru guztia Fernando Terremoto Lagunarte Flamenkoaren jardueretarako bideratuko da.

 

Zure zain gaude.

Twitter

Escribe un comentario - Iritzia idatzi

Subscribe Sala BBK en Facebook Sala BBK en Twitter Sala BBK en Flickr Sala BBK en Vimeo Scroll to Top